Ostegun eta ostiralean, Algortako San Nikolas eta Artibai kaleetako tarte batzuk itxi egingo dira ibilgailuen zirkulazioarentzat,
Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Tokiko iturriek zehaztu dutenez, 27.4. egikaritze-unitatea urbanizatzeko proiektuaren bigarren fasean aurreikusitako lanak direla eta, itxiko dituzte kaleak. Bertan zenbait etxebizitza ari dira eraikitzen. Bi egun horietan asfaltatze lanak egingo dituzte, batetik, San Nikolas kalean, Abasota eta Artibairen artean eta Etxeandia Apezpiku kalerantz doan beste tarte txiki batean; eta bestetik, Artibai kalean, San Nikolas eta Etxeandia Apezpikuaren artean. San Nikolas-Artibai bidegurutzean ere egingo dira lanak. Lanaldiaren barruan itxiko dira kaleak, 08:00ak eta 18:00ak bitartean gutxi gorabehera. Ordu horietan ezin izango da garajeetan sartu edo irten, ezta kaleko aparkalekuak erabili ere.
Getxoko Udalak barkamenak eskatu ditu lan horiek eragin ditzaketen trabengatik. Argazkian, beste herri lan batzuk, artxiboko irudian.