Ertzaintzak 19 eta 31 urteko bi gizon atxilotu zituen atzo arratsaldean, Astrabuduako Garbiguneko instalazioen barruan harrapatu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren
Segurtasun Sailak zabaldutako bertsioaren arabera, arratsaldeko zazpiak jotzear zeudela, partikular batek abisu eman zion Ertzaintzari Astrabudua auzoko garbigunearen kanpoan zenbait gizabanako lapurretan ari zirela. Inguru hartan zaintza-lanak egiten ari zen patruila bat bertaratu eta instalazioak itxita zeudela ikusi zuen. Era berean, hesitik kanpoko gune batean hainbat etxeko elektrotresna pilatuta zeudela ohartu zen, ustez garbigunearen barrutik aterata. Esandako merkantziaren ondoan, "sastraka batzuen atzean ezkutatu nahirik", ertzainek bi gizonezko topatu zituzten. Ertzainak ikustean ihesi joan zirela diote poliziek, "baina berehala harrapatu" zituzten inguruan. Ertzainek ez zuten lortu identifikatzea, saiatu baziren ere, ez baitzeukaten dokumentaziorik aldean. Hala, atxilotu egin zituzten eta ondoren polizia-etxera eraman, izapideak egiteko. Argazkian, pare bat ertzain kontrol batean artxiboko irudian / cc-by Irekia.net - Eusko Jaurlaritza.