Bilboko gazte blokearen oharra
Bada denbora bat zurrumurrua entzuten hasi ginenetik… Pairatzen dugun miseriaren arduradun politiko eta ekonomikoak Bilbora etortzekoak ziren. Data, martxoaren 3a; lekua, Guggenheim museoa; asmoa, Espainiar ekonomiaren “egonkortasunetik” “hazkunderako” pausua eszenifikatzea. Bestela esanda, gure bizkar barre egitea.
Egun hura, baina, ez zen irten haien planen arabera. Milaka pertsonak Bilboko kaleak hartu genituen, eta, hainbat modutan, gure haserrea erakutsi genien. Beldurra galdu genuen.
Hala, bake sozialaren zaintzaileak, Guggenheim barrutik lapurreta planifikatzen zutenen mertzenario eta borreroak, ez ziren besoak gurutzaturik geratu. Aurpegiak estali eta leporaino armaturik, herri erantzunaren sua itzaltzen saiatu ziren. Egun hartan, 7 pertsona atxilotu zituzten. Are gehiago, beste pertsona bat erretenitu eta komisariara elkartasuna adieraztera joan zirenei oldartu zitzaizkien eta identifikatu egin zituzten. Dirudienez, gutxi iruditu zitzaien. Beren jabeek buru gehiago nahi dituzte, titular harro eta konparaketa ilunetan adierazi zutenez.
Azken asteotan, 3 pertsona atxilotu dituzte martxoak 3ko herri erantzunarekin harremanduta. Operazioak, esan dutenez, irekita darrai, eta mehatxua jende askoren gain dabil.
Baina ez dugu onartuko. Izan den eta izan daitekeen errepresioagatik, kriminalizazio olatua eteteko eta berau pairatu dutenei gure elkartasuna adierazteko, kalera irtetera deitzen dugu. Ostegun honetan, apirilak 3, leku guztietan elkartasuna adierazteko deialdia egiten dugu. Ekimenak antolatu, errepresioa ezagutarazi eta arduradunak markatzera dei egiten dugu.
Bilbon: Apirilak 3, osteguna, Mobilizazioa 19:00etan Zabalburutik. Zatoz eta zabal ezazu. Ez diegu gazte duintasuna zapaltzen utziko.
Bilboko gazte blokea