Ur edangarria banatzeko udal-sarea hobetu eta ur-ihesak gutxitzeko
Getxoko Udala egiten ari den jarduketak Ereaga-Neguri aldera zabalduko dira datozen egunetan. Eginbehar horiek, Getxon urez hornitzeko sarea Kudeatzeko Planaren barruan daude, tokiko iturriek adierazi dutenez. Halaber, plana Agenda 21 egitasmoaren barruan dago. Izan ere, "banaketa-sarearen sektorizazioa" egitea dute helburu. Bada, aipatu jarduketak direla eta, ur edangarriz hornitzeko udal-sareko presioan aldaketak izango dira aipatu aldean, lanok egiten diren bitartean. Eragina izango dute Avanzada, Kirol Portua, Ereagako Jaitsiera, Algortako Etorbidea eta Trenbideko Etorbidearen arteko eremuan. Horren barruan dira, besteak beste, Atxekolandeta, Amann, Enrique Aresti, Portuko Pasealekua eta San Isidro kaleak. Aldaketak ordu jakin batzuen artean gertatuko dira, hain zuzen, 10:00etatik 13:00etara. Presio-handitzeak edo presio-txikitzeak gertatuko diren arren, biztanleek erabat bermatuta dute ur-hornidura, udal iturriek diotenez. Argazkian, beste herri lan batzuk, artxiboko irudian.