Herri mugimenduko hainbat erakunde: "Geurea, Euskal Herria. Nazioa gara!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko api. 2a, 21:07

Hemen bildu garen herri mugimenduko ordezkariak gure hausnarketa plazaratu eta Aberri Egunerako indarrak batzeko asmoak batu gaitu. Euskal Herria amaraun sare batean bezala, harrapaturik dago agorturik dagoen egungo markoaren gatibu. Behin eta berriro, herri gisa garatu eta arnasa hartzen saiatzen bada ere, egungo markoaren itzalak estaltzen ditu euskal jendartean sortu litezkeen esperantza argiak. Espainiar eta Frantziar Gobernuek erasoek ez dute ez muga ez eta etenik ere. Ikusi besterik ez dugu Frantziar Gobernuak Ikastolen aurka abiaturiko auzibidea eta Herriko Etxeen gainean ezarririko presioa. Zer esanik ez hego Euskal Herriko Udaletan Euskararen inguruan harturiko konpromisoak geldiarazi asmoz abiaturiko auzibidea. Bide berean dakusagu, Nafarroa garaian aldaketarik eman ez dadin Madrilek luzaturiko eskua edo eta Nafarroan bertan hezkuntza komunitatearen eta euskaldunen aurka abiaturiko sorgin ehiza. Ikastetxeetan ikuskatzeak egitera iritsi dira, testu liburuetatik Euskal Herriarekiko erreferentzia guztiak ezabatu asmoz. Argazkian, Iruñean egin dute agerraldia Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea (ESAIT), Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Askapena, Ernai, Ikasle Abertzaleak (IA) eta Elkartzen eragileetako kideek / © Ikasle Abertzaleak (IA).

Krisi garai gordin hauetan, euskal langileriaren etorkizuna Madril eta Parisen erabakitzen jarraitzen dute, Troikaren goseak murrizketak eta eskubide urraketak eguneroko ogi bilakatu ditu. Austeritatearen banderapean, eskubide sozialen urraketak ez du amaierarik, Europatik datorren ekaitzari alfonbra gorria zabaltzen dioten bitartean.

Zer esanik ez Abortuaren legeaz, Werten Lomce legeaz edo eta euskal kirolariak euren herriaren izenean lehiatu ezin eta atzerriko selekzioak Euskal Herrira lehiatzera ekartzeko grinaz. Lege arrotzen bidez inposaturiko ikurren ildoan ere sakontzen hasiak dira; hor kokatzen ditugu Urkijok Udalbiltzari luzaturiko mehatxua.

Behin eta berriro euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea urratzen dute eta eraso guzti hauen bidez, euskal jendartean etsipena zabaldu eta asimilazioaren bidea sustatzea dute helburu, baina ez dute lortuko. Geurea da Euskal Herria!"

Geurea, euskararen herria! Geurea langileon herria! Geurea gazte herria!

Geurea feministon herria! Geurea kirolarion herria! Geurea hezkuntzaren herria!

Geurea aniztasun herria! Geurea ikasleon herria! Geurea internazionaliston herria!

Aipaturiko aldarrikapen guzti hauen pean, etorkizuna eskuetan hartzeko dugun beharra eta nahia bildu nahi dugu. Burujabetza aldarrikapen bat izatetik, egunerokoan eta praktikan irabazi beharreko joko zelaia izatea bilatzen dugu. Euskal herritarrok burujabe izatetik, herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko bidea egin behar dugu.

Gaur Iruñean, nazio eraikuntzan dihardugun eragileetako kideok, bat eginik agertu nahi izan dugu. Euskal Herria erasotzen duten bakoitzean euskal herritar guztiok erasotzen gaituztela salatzeko eta eraso guzti hauei herri gisa bat eginik erantzuteko deia luzatzeko.

Geurea Euskal Herria. Nazioa gara! Egungo erasoen aurrean, aldarrikapen ekimen ezberdinak burutu eta hauek biltzeko asmoa dugu. Askotariko ekimenak bildu nahi ditugu, salaketak, aldarrikapenak, bat egiteak, ezabaketak, ikurren inguruko ekimenak, …

Mendi tontorretik Ikurriña eskuan bidaltzen diguten argazkitik hasi eta etxekoen artean Aberri egunera joateko deialdiarekin bat eginez ateratako famili argazkiraino bildu nahi dugu. Informazio hau www.nazioagara.org atarian eta sare sozialen bidez biltzeko eta zabaltzeko asmoa dugu horretarako www.facebook.com/geureaEH, twitter.com/nazioagara, ondorengo posta elektronikoa; nazioagara[abildua]gmail.com eta ondorengo telefono zenbakia (0034) 650 141 627 jarri ditugu whatsapp edo telegram bidez gugana irits zaitezten.

Gero eta gertuago dugu Aberri Eguna, zehazki apirilaren 20an ospatuko zein aldarrikatuko dugu munduko euskaldunak Euskal Herriaren eguna; mundukoak diogu, euskal herritar bat dagoen lekuan dagoelako Euskal Herriaren zati bat. Euskal Herrian berriz guztiok bat egiteko unea iritsi da eta zita hori dagoeneko zehaztu du Independentista Sareak: Euskal Herriko hiriburuan, Iruñean izango dugu aurten ere nazio ospakizuna.

Dei ozen bat luzatu nahi diogu euskal jendarteari, Aberri Eguneko ospakizunetan parte hartu dezan, bai Iruñako ospakizunetan parte hartuz bai eta etxeko balkoietan Ikurriñak zintzilikatuz.

Nazioa garelako, nazio eraikuntzaren bidean Euskal Herria aurrera!

Geurea Euskal Herria!

Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea (ESAIT), Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Askapena, Ernai, Ikasle Abertzaleak (IA) eta Elkartzen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun