Espainiako Poliziak
sei gazte atxilotu ditu gaur goizean Iruñean, haietako hiru adingabekoak. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak pasa den martxoaren 27an hezkuntza eredu propioaren aldeko ikasle greban desordena publikoak eta "autoritateari aurka egitea" leporatu dizkie. Era berean, Espainiako Poliziak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egiteko aukera.
Uribe Kostako Ikasle Abertzaleek erasotzat jo dute sarekada eta horren bidez "Estatu espainolak eta ordezkatzen dituen botere politiko eta ekonomiko zehatzek ikasleon indarrari dioten beldurra agerian gelditu" dela zabaldu dute. Horrekin batera, aipatu atxiloketak salatzeko mobilizazioa deitu dute biharko, ostirala. Elkarretaratzea egingo dute Algortako Telletxe kalean, arratsaldeko 5etan. Gaurko 6 atxilotuen askatasuna eskatzeaz gain, martxoaren 3ko eta 27ko mobilizazioen harirako beste atxiloketa guztiak ere errefusatzen ditu deialdiak eta ikasleen aurkako "kriminalizazioa" eteteko eskatzen du. Herri mugimendu osoari dei egiten dio IAk Algortara hurbildu eta mobilizazioan parte hartzera. Argazkian, pasa den martxoaren 17an eskualde mailako ikasle mobilizazioa egin zuten Algortan barrena.