Etzi, larunbata, Bizkaiko EAJk BizkaiaGo! izeneko ekimenaren lehen bilera egingo du Areetan. Hitzordua goizeko 11:30ean jarri dute, Biscaytik foru fundazioak Zugatzarte etorbideko 32. zenbakian duen egoitzan. Alderdi jeltzaleak zabaldu duenez, egitasmoak hiritarren parte hartzea sustatzea du xede eta larunbatean 100 pertsona elkartuko ditu. "Parte hartzaileei eskatuko zaie herri honentzako diseinatu ahal den etorkizunik onena denen artean irudikatzeko ahalegina", zabaldu dutenez. Besteak beste, Itxaso Atutxa, BBBren presidentea eta Izaskun Bilbao, EAJren eurolegebiltzarkidea arituko dira Areetan. Otsailean Bilboko Alondegian egindako aurkezpenean, "enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea" jarri zituzten BizkaiaGo! ekimenaren helburu nagusitzat. Prozesuan zehar, ehunka hiritarren ekarpenak jasotzea espero du Bizkaiko EAJk. Ideia horiek kontuan hartuko dituzte 2015ko udal eta foru hauteskundeetara begira alderdi jeltzaleak prestatuko dituen hauteskunde egitasmoak diseinatzean. Argazkian, Itxaso Atutxa / © EAJ.