Abaroa enpresa "EAJren babesari esker" atera da errugabe eta arduragabe 66 etxe suntsitu zituen hondamen horretatik, Erandioko Bilduren ustez. Hala ere, etxez aldatutako familiak ez dira kaltetu bakarrak, koalizio subiranistaren ustez. Ezkertiarren hitzetan, "EAJk akordio bat itxi du Azpiegitura elkarte publikoarekin suntsitutako etxeak botatzeko eta berriak eraikitzeko, PSE-PSOE eta PPren babesarekin, eta Erandioko herriak garesti ordainduko du akordio hori". Izan ere, trukean, Altzagan libre geratzen den lur-eremu bakarra, Tartanga eta kiroldegiaren artean dagoen eta kirol eta berdegune izan behar zena, 300 etxe baino gehiago eraikitzeko erabili nahi omen dute.
Azkenik Bilduk gogoratu du Erandioko Udalak auzokide kaltetuak etxe berrietara joan arte izango diren gastuen ardura bere gain hartu duela, eta "aseguru etxeek indemnizazio gisa auzokideei ordaindutako 6 milloi euro gastatzen badira, gainerako gastua Udalaren aurrekontuaren gainean joango dela". "Gaur egun 6 milloi horiek arin baino arinago joaten ari dira alokairu oparoak ordaintzen. Eta Abaroak kobratzen", amaitu du Erandioko Bilduk.