"Europan, ikuskizunen testuinguruan, ezohiko idazkeraz normaltasunez hitz egin ohi da, idazkera horrek testu batean isla izan edo ez. Ikuskizun guztiek sortzailea dute atzean, autore bakarra edo taldea dela, eta dramaturgia horrek antzezteko behar duen beharrezko elementu guztiak izan behar ditu, testuan oinarritutako edozein lan bezala", azaldu zuten atzo Umore Azokaren arduradunek.
Kasu askotan idazkera hori "bapatekotasunaren gaineko ikerketa prozesuaren ondorioa" da; beste batzuetan, aldiz, ikuskizuna sortzen doan heinean osatzen da; eta badago este aukera bat ere, hau da, pentsatzea, hausnartzea eta idaztea, eta kasu honetan, kalean antzezteko idazten da.
Prozesu horretan, Umore Azokako arduradunen arabera, kontuan hartu beharreko bi ezaugarrik baldintzatzen dute egilea. Lehenik eta behin, espazioaren berezitasuna aintzat hartu behar du, bai eta plazaratuko duen testuingurua ere, hots, kalea, espazio publikoa, honek eskaintzen dituen abantaila eta traba guztiekin.
Horrez gain, ikuskizunaren lekuko izango den jendean pentsatu behar da, sarrerarik ordaindu ez duten ikusleak izan ohi baitira, adin zein maila kultural eta artistiko ezberdina duen jendartea, eta haietako askok ikuskizuna borondatez eta konzienteki hurbildu badira ere, beste batzuek berarekin topo egin dute.