Jai Batzordeak umeen proposamenak jasoko ditu, umeek erabaki dezaten zer nolako jaiak nahi dituzten. Izan ere, Jai Batzorde barruan haur eta familien lan taldea sortu zen orain urte bi, eta bertan ez dago haurrik, danak dira guraso edo hezitzaileak. Lantalde honen arabera, ez du zentzurik helduok diseinatzea eta antolatzea haurren programazio osoa.
Horrenbestez, igandean, Jai Batzordeak umeei galdetuko die euren ametsetako jaiak nolakoak izango liratekeen, eta horretarako, euren jairik gustukoenak marraztuko dituzte. Marrazki guztiak amaituta daudenean, erakusketa txiki bat antolatuko dute, eta haur bakoitzak hiru gometxa izango ditu gustokoen dituen ideiak bozkatzeko. Erakusketa apirilaren 20ra arte egongo da erakusgai Kurtzion, eta ume guztiek parte hartzeko aukera izango dute.
Ametsetatik ekintzetara
Bigarren dinamika “Ametsetako jaiak gauzatuz” izenekoa izango da, maiatzaren 4an, igandea, 17:30ean Kurtzio Kultur Etxean, eta umeekin asanblada bat egingo dute. Bertan, ideiarik bozkatuenak zeintzuk izan ziren azalduko diete, eta beraiekin batera ideia horiek errealitatera nola eraman asmatzen ahaleginduko dira. Saioa amaitzeko, jolasak eta askari txiki bat antolatu dute.
Sopelako Jai Batzordeak eskuorri bat banatu du Zipiriñe eta Ander Deunan, familiak ekimen honetan parte hartzera gonbidatuz. Informazio gehiago jasotzeko, ekarpenak egiteko edo jai batzordean parte-hartzeko: sopelakojaibatzordea[abildua]hotmail.com.
Ekimen honek umeen aisialdi-partehartzailea sustatzeko helburua du, orain hainbat herri, eskola eta aisialdi egitasmotan martxan jartzen ari diren “herri hezitzaile”aren aterkipean.