EH Bilduren Getxoko zinegotziek gaur gogoratu dutenez, aurten bost urte beteko dira EAJk eta PSE-EEk udalerrirako Etxebizitza Plana adostu zutenetik, herri-lurzoruan etxeak altxatzeko asmoz. Bere printzipioen artean, besteak beste, etxebizitza sozialaren eskaera betetzea, babestutako alokairuzko etxebizitza parke publikoa osatzea eta udalerriko etxebizitza librearen merkatuan eragitea daude. Bada, printzipio horiekin tokiko erakundean ordezkaritza daukaten talde guztiek bat egiten dutelakoan eta aipatutako Etxebizitza Plana "espero zitekeen arrakastarik izaten ari ez delakoan", Getxoko EH Bilduk EAJren Udal Gobernuari eta gainontzeko alderdiei dei egin die lehenbailehen Etxebizitza Mahaia osa dezaten, non denen artean Getxoko etxebizitzaren arazoa aztertuko duten eta irtenbide praktikoak bilatuko dituzten. Hautetsi independentistek eskura eman diete gutuna gainontzeko alderdietako ordezkariei. Argazkian, Bingen Saitua, Maitane Nerekan eta Arantza Gutierrez zinegotziak Alangon emandako prentsaurrekoan. Bertan eraikitako 33 BOEak (eskuinean) "banatu gabe" daude oraindik.