Nazioartean, Egiptoko Luxorreko Zine Afrikarraren Jaialdian parte hartu zuen Europako pelikula bakarra izan zen “Jambo Amani?” eta Oscar aurretiko Australiako Flicker Fest izenekoan aukeratu zuten. Ukraniako hiriburuan, Kieven, 2013ko dokumentalik 32 onenen artean sailkatu zuten. Getxoko Udalak azpimarratu duenez, Unesco Etxeak ekoiztutako dokumentalak sentsibilizazio eta garapenerako heziketako deialdiaren barruko udal diru-laguntza jaso zuen.
Biografia
Unai Aranzadi (1975) kazetari eta errealizadore getxoztarra da, gatazka armatuetan eta giza eskubideetan espezializatua. Zinema New Yorkeko Unibertsitatean ikasi zuen eta Argazki-Kazetaritzako diplomatua da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Hamaika gerraren berri (Libia, Txetxenia eta Ingushetia, Irak, Kolonbia, Palestina…) eman du, BBC, CNN+, ETB edo TVE telebistetarako eta "La Jornada", "El Pais", "Gara" edo Reuters egunkariekin kolaboratu du, besteak beste. 2001 urteaz geroztik Suediako Estokolmon dagoen Independent Docs TV produkzio-etxea zuzentzen du eta han bizi da. Orain arte burututako dokumentalen artean daude “Blackout” (2004) Estatu Batuek Iraken ezarritako okupazioari buruzkoa (Al Jazeerak igorrita); “La guerra de los niños” (2005) Ugandako Iparraldeko ahaztutako gatazkako ume soldaduei buruzkoa (Canal+ izenekoak igorrita) eta “Nosotras Centroamericanas”, Erdialdeko Amerikako emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa. Azken horrek Medicus Mundi entitatearen giza eskubideen saria irabazi zuen. Iaz Getxoko Udalak Aixe Getxo! kultur saria eman zion, “Kultura Hezkuntzan eta Baloreetan” atalean.
Filmaren aurrerakina (© Unai Aranzadi - Independent Docs TV