Badira lau urte Berango eta Getxo artean, Andra Mari izeneko Getxoko landa auzoan, Metro Bilbaok Ibarbengoa geltokia amaitu zuenetik. "Auzokideek zein metroaren erabiltzaileek obren kalteak pairatu izan behar badituzte ere, geltokiak itxita jarraitzen du eta ez du inolako zerbitzurik ematen", EH Bilduk deitoratu duenez. 2013ko abuztuan, "bat-batean", Ibarbengoa geltokiaren goiko aldean, Tosu estratan egin nahi duen aparkaleku proiektua aurkeztu zuen Eusko Trenbide Sareak. Erakunde horren iritziz, parkinga egitea "beharrezkoa" da geltokia zabaldu ahal izateko. "Hala ere, aparkalekuaren proiektuaren barruan, ez dute horren beharra justifikatzen duen inolako txostenik edo informazio eguneraturik frogatu. Hori exijitzean Jaurlaritzaren Garraio Sailak, Bilboko Hiri Trenbidearen Sareari buruzko Azterlana, Metro Bilbaoren Garraiorako Sistema Osagarrien Azterlana, eta, Maidagango Trenbide-pasagunea Lurperatzeko Trazadura Egiteko Proiektua nahikotzat eman ditu aparkalekuaren beharra frogatutzat emateko, nahiz eta azterketa horiek orain 10 urte ingurukoak diren eta Jaurlaritzak berak onartu duen ez dutela gaurkotasunik. Disuasio aparkaleku bezala aurkezten dute Ibarbengoakoa. Baina ba al dakite zenbat erabiltzaile izango dituen? Zergatik disuasio parkinga Getxoko landa gune garrantzitsuenean? Ez al da beste gune urbanorik hori egiteko? Zergatik geltokia amaitu eta lau urtera? Bizi dugun krisi garaian, non diru publikoaz egindako inbertsioak ondo neurtu behar diren, lehentasuna al da hori Uribe Kostako garraio sarean? Zergatik egingo da Tosun hasierako proiektuan geltokiaren beheko aldean aurreikusten bazen?", adierazi dute Nerekanek eta Saituak.
Bestalde, Getxoko zenbait auzokidek zein eragile ekologistek salatu dute geltokia egitean eremu horretan dauden akuiferoak ikutu eta ur ibilbideak aldatu daitezkeela; aparkalekuarekin bertako ekosisteman kalteak egon daitezkeela salatu dute ere (kontuan izan behar da Andra Mari Getxoko birika berdea dela gaur egun). Hala ere, proiektuan ez dago ingurugiro eragina aztertzen duen txostenik, Getxoko EH Bildukoek kritikatu dutenez.
Horrez gain, inguruko auzokideek zein EH Bilduk, behin eta berriz salatu dute Ibarbengoako aparkalekuaren inguruan dagoen "desinformazio estrategia" zein "kudeaketa iluna". "Adibideak ugariak dira: desjabetuak izango diren auzokideen informazio falta, proiektuari alegazioak egin eta erantzunik ez jasotzea, Getxoko Planeamenduan jasota ez dagoen proiektua izatea… Zergatik gestio iluna eta desinformazioa?", salatu dute hautetsi soberanistek.
Espekulazioa eta aberastea
EH Bilduk "argi" du Ibarbengoako aparkalekuaren proiektua EAJk Getxoko Andra Mari inguruan duen "espekulazio eta aberaste estrategiaren" lehen pausoa besterik ez dela. "Herriko landa gune eta birika garrantzitsuenetako bat denean 8.000 etxebizitza egiteko proiektua egin zuen EAJk. Herritarren mobilizazioak eta krisi sozio-ekonomikoak, Andra Mari porlanez konkistatzea helburu zuen etxebizitzen proiektua gelditu zuten. Baina gelditu egin da EAJk lur horiekin enpresa eraikitzaile handiak aberasteko duen nahia?", diote Nerekanek eta Saituak.