Aita Mari tabernaren izenean, Oscar Martinez oso pozik agertu da, eta nabarmendu du “egiterakoan beti erabiltzen dituztela inguruko produktuak eta lehiaketak lortu duela tabernara hurbildu den jendeak euskaraz gehiago hitz egin izatea. Pintxo horren atzetik sailkatu dira La Reja eta Burdinola tabernak, epaimahaiaren sariari dagokionez, eta Burdinola eta Arotza, publikoaren sariari dagokionez.
Pintxo tradizional onena, Eusko Label produktuekin eginikoa, Bikain jatetxearena izan da, "Euskal indabadaren ikuspegi berria" pintxoarekin (Tolosako indabak, arroz-odolostea, Orozkoko txorizoa, Ibarrako piparrak, tipula, esne-gaina, arrautza, piper gorria|berdea, esnea, aza, saiheskia). Horren atzetik geratu dira Jolastoki eta Akeita. Alain Garcia Bikaineko sukaldariak adierazi du pintxoa bere anaiaren ohorez egin zuela eta Udalari eskerrak eman dizkio lehiaketa antolatzeagatik, “horri esker jende gehiago ibili delako tabernetan”.
Bestalde, Abianeko Bartitze Lertxundik azaldu du oso pozik daudela sariarekin, euskarari lehentasuna ematen dion kultur entitatea delako eta “hori establezimenduko elementu guztietan geratzen dela agerian”. Horren ondotik sailkatu dira La Txoko eta Ugartena.
Azkenik, Burdinola tabernak irabazi du barra onenaren saria, "Foie lasagna" pintxoarekin (pasta freskoa sagar eta foierekin eta azukre, mahaspasa eta pinaziekin glaseatuta), eta bere atzetik Aita Mari eta Ugartena izan dira.
Dani Montes Burdinolako bozeramaleak sukaldariei beren lana eta bezeroei tabernara joatea eskertu die, bi gauza horiengatik hainbat pintxoren barra ona edukitzea lortu dutelako.
Hitz ederrak
Hitz eder onenen artean hainbat sari banatuko dituzte, Euskaltel, Eusko Label, Iñaki Bitxi-denda, Supersonido, Exquissitum Gourment, Basalbo jatetxea, Kontxi urdaitegia, Intersport, Gaztañaga eta Turismo Bulegoaren babespean. Eguraldi onari eta kale-animazioari esker jendea tabernetara hurbildu da eta giro aparta sortu da. Lehiaketaren beste helburu bat da hizkuntz-paisaia euskararena izaten laguntzea, eta oraingo honetan Udalak 36 txartel jarri ditu tabernetan.