"Ez dago kulturarik, hau diktadura da" lelopean, protestak burutuko ditu gaur arratsean
Itzubaltzeta / Romoko auzokideen elkarteak. Auzotarrek bi ekimen deitu dituzte Santa Eugenia plazan, dagoeneko laugarren solairuaren lanetan dabilen kultur etxearen aurrean. Aipatu leloa horma-irudi bihurtuko dute 18:00etan eta bi ordu beranduago elkarretaratzea egingo dute, Getxoko Udal Gobernu Taldeak darabilen "iruzur moralari erabateko erantzuna" emateko asmoz. Izan ere, auzokideek behin eta berriro eskatu dute Romo kultur etxeak hiru solairu izan ditzan eta Galeako itsaslabarrak irudikatzen dituen corten altzairuzko fatxada kentzea, dirua aurreztearren eta proiektua ez gaindimentsionatzeko. Horretarako, lanei buruzko erreferenduma eta behin behineko lanen geldiketa eskatu zuen elkarteak. Bide horretan, ehunaka lagunen babesa izan dute
azken hileotan egindako mobilizazioetan eta baita, ñabarduraz ñabardura, oposizio udal talde guztien sostengua ere. Halere,
Getxoko Udalak entzungor jokatu du eta proiektua dagoen bezala mantentzeari ekin dio, lanen abiadura azkartuta. Kultur etxeko eraikina justifikatzean, Imanol Landa alkateak argi azaldu zuen egungo udal euskaltegia eta nagusien etxea botatzeko asmoa, gerora bertan babes ofizialeko etxeak eraikitzeko. Auzokideek, baina, eraikin horiek mantendu nahi dituzte. Egun, bosgarren solairua eta fatxada ekiditea posiblea dela uste dute oraindik orain. Argazkian, pasa den martxoaren 23an egindako manifestazioa.