Urbietak bezala, Itxaso Atutxa BBBko presidenteak ere gorazarre hitzak izan zituen Urbieta eta alderdiarentzat. Hasteko, "alderdikide batentzako ohorerik handiena bere herriko alkate izatea" dela gogoratu zuen. Halaber, EAJk hainbeste legegintzalditan izan duen handitasunari balioa emateko eskatu zien alderdikideei, 118 urte baitaramate "alderdiko gizon eta emakumeek benetako munizipalitatea eraikitzen”. Bestalde, alkategaiak aukeratzeko prozesuari dagokionez, Atutxak azpimarratu zuen EAJ barne partaidetzaren eta praktikaren eredu dela, "Leioako Uri Erakundeak erakutsi duen bezalaxe".
Baina udal hauteskundeak ez ezik BBBko presidenteak datozen Europako hauteskundeen garrantzia ere nabarmendu zuen. Bere ustez, "seguru asko", EAJ izango da "Europara Euskadi benetan defendatuko duen legebiltzarkidea eramateko aukera duen alderdi bakarra".
Profila
Mari Carmen Urbieta Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen EHUn, eta Larrialdiei Aurre egiteko Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzako burua izan zen 2005 eta 2009 bitartean, beste kargu batzuen artean. 2007tik, Leioako Udaleko zinegotzi izan da. 2013ko urtarrilean, berriz, Pinosolo proiektuagatik irregulartasun salaketak jaso ostean Eneko Arruebarrena aurreko alkatea Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzaile izendatu zutenean, Urbietak hartu zuen udal makila. 2015ean lehenengo aldiz jaso beharko ditu leioaztarren botoa Alkatetzan jesartzeko.