Antonio Aldonza Lobato leioaztarra, Indautxu, Arenas, Athletic, River eta Reala taldeetako futbol jokalari izandakoa hil zen atzo, 87 urte zituela. Hileta etzi, astelehena, egingo dute arratsaldeko zazpietan, Areetako Mesedeetako Amaren parrokian. Leioakoa Indautxuko taldean hasi zen 1944-1945 denboraldian, hirugarren mailan. Handik aurrera, Athletic-en fitxa eskuratu zuen. Halere, Ibaiganekoek gogoratu dutenez, Aldonza Arenas taldean lehiatu zen lehenengo bi urteetan, bi kluben arteko hitzarmenari esker bilbotarrek utzi zietela. San Mamesen, ordea, 1948ko urtarrilaren 4an estreinatu zen, lehenengo taldearekin, Celtari 5 eta 0 irabazi ziotela. Bi denboralditan, esker atzelari leioaztarrak hamahiru lagunarteko eta zortzi partida ofizial jokatu zituen, azken horiek guztiak ligakoak. 1949-1950 denboraldian Sestao Riverretik igaro ostean, Realak fitxatu eta bertan aritu zen. Txuriurdinekin bere 24. urtebetetze egunean aritu zen lehenengo aldiz, 1951eko urtarrilaren 21ean. Debuta Lleidan egin zuen, bertan 1 eta 0 galdu zutela. Bi urtez aritu zen Donostiako taldean, guztira 21 neurketa jokatu zituela. Argazkian, Aldonza (eserita, ezkerretik bigarrena) 1948ko otsailaren 1ean Atletico de Madrid taldearen aurka San Mamesen jokatutako partidan. 0 eta 1 galdu zuten lehoiek / © Athletic Club.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!