Irteera data apirilaren 23rako bazeukan arren, orain gutxi jakin dute Urtzi Paul Larrea preso politikoaren gertukoek getxoztarra gaur aterako dela Moron de la Frontera herriko Sevilla II espetxetik. Hala ere, momentuz ezin izan dute ziurtatu hori zein ordutan izango den, ezta Algortara noiz helduko den ere. Idazkari judizialaren zain ei dago getxoztarra. Bere abokatuak azaldu duenez, espetxera sartu aurretik Paulek behin-behinean aske emandako garaian sinatzera joan beharreko denbora bete beharreko espetxe zigorrean kontuan hartzea eskatu zuten, Espainiako Auzitegi Gorenak plazaratutako sententziari jarraiki. Baiezkoa jaso, baina "kendutako egunak gutxi" —hilaren 19ra aurreratuz— iruditu eta erabaki horren aurrean helegitea aurkeztu zuten. Bada, gaur jakinarazi diete gaur bertan kaleratuko dutela. Argazkian, Sevilla IIn egindako borrokaldiaren baitan, joan den azaroan, osasun arazoengatik, gose greba utzi behar izan zuen hasi eta bi astetara Urtzi Paulek.