Xabier Paya Ruiz bertsolari, itzultzaile, bikoizlari, ikerlari eta irakasle algortarra "Gipuzkoako hiriburua ordezkatzea suposatzen duen edozein kargutik kentzea" eskatu dio
Covite Terrorismoaren Biktimen Euskal Herriko elkarteak Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuari. Aipatu erakundeko zuzendariaren dimisioaren ostean, apirilaren 4an aldi baterako zuzendaritza izendatu zuten, datozen asteotan behin betiko zuzendaritza orokorra hautatu bitartean, dagoeneko egitasmoaren programazio kulturalaren koordinatzailea zen Paya Ruiz arduradun izendatuz.
Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, "2006an Iñaki de Juana Chaos ETAko kideari babes esplizitua ematea" leporatzen dio Covitek algortarrari, "orduan erakunde terroristako preso zenaren askatasuna eskatzeko kamiseta jantzita parte hartu zuelako bertsolari txapelketa batean". "Joan den ostiralean, Donostia 2016ren zuzendaritza teknikoa hedabideen aurrean aurkeztu zenean ere terrorista batenganako babesa berretsi egin zuen", dio Terrorismoaren Biktimen Euskal Herriko elkarteak. Argazkian, Xabi Paya Ruiz artxiboko irudian.