Ustekabeko sute batek Astrabuduako geltokian eragindako kalteak ahalik eta lasterren konpontzeko eskatzea galdegin dio Erandioko PSE-EEk Udalari, horretarako Metro Bilbao garraio enpresako arduradunekin jarriz. Juan Otermin bozeramaile sozialistak adierazitakoaren arabera, besteak beste, bertoko eskailera mekanikoak estaltzen dituen 35 metro koadro olana erre ziren, apirilaren 7an, metrorako lan egiten duten mantenimendu enpresetako baten furgonetak eragin omen zuen suan. "Dirudienez, goi-tentsioko kableak neurtzeko laborategi batekoa zen ibilgailua. Ezbeharra gertatu zenean, Lutxanatik furgonetara pultsu elektrikoak bidaltzen ari ziren, horiek neurtzeko. Baina, ibilgailuan instalatutako voltmetro batetatik kea ateratzen hasi zen; eta eskuz gelditu eta atzeko atea zabaldu zutenean, sua zegoela ikusi zuten", azaldu dute PSE-EEkoek. Su-itzalgailu batekin amatatzen saiatu ostean, suhiltzaileak deitu behar izan zituzten langileek. Furgoneta kiskalita geratu zen. Argazkian, olana ez dute oraindik konpondu / © Erandioko PSE-EE.