Orain 41 urteko gertaerekin jarraituz, "Peixoto"-k "Argia" astekariari azaldu zionez, "seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. Parean jarri naiz eta Eustakiok: 'Atzetik zetozek'". Une batzuk geroago, "Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri".
"Bat-batean", jarraitzen du "Peixoto"-k, "arnasa hartu zuen eta 'korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka" argitu zuen Pagoagak: "aurrera gindoazela korrika, 50 bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka". "Euskadi eta askatasuna" liburuan osatu zituzten Mendizabalen azken uneak: "Txikia errepidera iritsi da, Makalen Hiribidearen (Makaleta Etorbidea) pare horretara. Auto batera doa. Aurreko eskuineko eserlekuan jartzea lortu duelarik, poliziak hurbildu zaizkio eta batek tiro egin dio gertutik. Hilzorian egon arren, eskuburdinak ipini eta Basurtoko ospitalera eraman dute. Hogei minutu egin zituen bizirik".