Beste atxiloketa goizeko 7:45ean izan zen. Momentu horretan, herritar batek Udaltzaingora deitu zuen Sabino Arana kaleko 52. zenbakian gazte bi zeudelakon, jarrera susmagarriarekin, ibilgailu baten ondoan. Eta ostean korrika irten ziren metro geltokirantza.
Berehala, udaltzainak zonaldean agertu ziren eta Udondoko bulebarrean aurkitu zituzten gazteak. Patruila ikusterakoan euretariko bat ihesean irten zen Otsobarrena kalerantz, udal iturriek diotenez. Minutu gutxi geroago, gaztea harrapatu eta gero, kale horretako 11 eta 9 zenbakien artean, agenteek ibilgailu bateko irrati bat eta argi-seinalea aurkitu zituzten. Harrapatutako gaztea, A.B.F eta Barakaldoko bizilaguna, onartu egin omen zuen irratia atea zabalik zuen ibilgailu batetik lapurtu zuela eta seinalea garabia batetik. Lapurreta delitua egotzita Getxoko epaitegiaren aurrean agertu beharko da hurrengo egunetan.
Leioako Udaltzaingoak bi gizon gazte atxilotu zituen joan den igandean, apirilak 20. Bata, kalean droga saltzen zegoelakoan; eta bestea, ibilgailu bateko irratia lapurtzea egotzita. Azken hori leioaztar baten telefono deiari esker ohartarazita harrapatu zuten, udal iturriek nabarmendu dutenez. Droga trafikoarekin lotuta omen dagoen atxiloketari dagokionez, 17:25ean izan zen, Lekueder kalean patruila batek ibilgailu susmagarri bat antzeman ostean. Barruan ziren pertsonen artean agenteek droga trafikoagatik hainbat aurrekari dituen gizon bat ezagutu zuten eta, beraz, araketa prebentiboa egin zuten, tokiko poliziak zabaldu duenez. Horri esker hainbat droga aurkitu ei zituzten; haxixa, marihuana, kokaina (80 gramo), balantza, 1.410 euro eta bestelako tresnak. Horren ondorioz, A.M.T. Getxo udalerriko bizilaguna atxilotu zuten Leioako udaltzainek, eta ondoren Ertzaintza egin zen atxiloketaren kargu, droga trafikoaren delitua egotzita. Ibilgailua, bestalde, Erandioko ertzain-etxera eraman zuten, bertan txakurrek miaketa egiteko, eta epailearen esku utzi zuten. Argazkian, Leioako udaltzainak / © Leioako Udala.