Kaleratzear egon liteke gazteen kontrako epaiketaren sententzia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko api. 22a, 19:36

Plentzia eta Gorlizko Sostengu Taldeak ohartarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak edozein momentutan kalera dezake Xabier de la Maza Peña gorliztarraren eta beste 39 gazteen kontrako epaiketaren sententzia. Segi gazte erakunde ilegalizatutako kideak izatea egotzita, bost hilabetez (urritik azarora) epaitu zituzten Madrilen, 26/11 sumarioaren barruan. Bakoitzarentzat sei urteko espetxe zigorra eskatzen du akusazioak. Bada, "sententziarekiko erantzuna berehalakoa" izan dadin, De la Maza edo beste edozein auzipetu kondenatua izanez gero, aipatu egunean bertan eskualde mailako kontzentrazioa izango dela jakinarazi dute jada. Hitzordua 20:00etan jarri dute Gorlizko Txoko-Etxe alboko plazan, "Epaiketa politikorik ez, 40ak libre" lelopean. Hartara, Plentzia eta Gorlizko koadrila, elkarte eta alderdi politikoak ez ezik, Uribe Kostako norbanakoak ere "kontzentrazio hipotetiko horretan" parte hartzera deitu dituzte. Argazkian, gazteen kontrako epaiketa salatzeko urriaren 14an Gorlizen egindako mobilizazioa.

Gazte independentisten aurkako azkenaurreko sarekada 2009ko azaroaren 24an abiatu zuten Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak, Fernando Grande Marlaskaren aginduetara. Goizaldean, 35 lagun atxilotu zituzten Hego Euskal Herrian, Segiko zuzendaritzako kideak zirela leporatuta. Egun hartan ez zen atxiloketarik izan Uribe Kostan.

Hurrengo hilabetean, abenduaren 18an, ordea, Xabi de la Maza Peña atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak Gorlizen, bere etxean. 21 urte zituen orduan De la Mazak. Aurreko sarekadaren harira "Xabierren izena epailearen autoan ageri zen, eta auzitegira aurkezteko asmoa zuen hori dela eta" azaldu zuen orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Inkomunikazio egoera ezarri zioten de la Mazari eta kexka nagusitu zen senide, lagun eta auzokideen artean, "operazio horretan atxilotutako gazte gehienek tortura eta tratu txar ugari salatu" zituztelako. Ordutik, Gorlizen eta Plentzian atxiloketa salatzeko hainbat ekimen burutu zuten. Hiru egun beranduago, Marlaskak De la Maza espetxeratzea agindu zuen, Segi "erakunde terroristako kide" zelakoan.

Inkomunikazioa altxatu ostean, Xabierrek Poliziaren esku egondako egunetan "etengabeko mehatxuak eta irainak" jasan zituela salatu zuen. Bere gertukoek kontatu zutenez, inkomunikatuta igaro zituen hiru egun haietan "bere burua erruduntzat jotzea bilatzen zuten mehatxuez" aparte, gazteak "galdeketa ilegalak" jasan zituen. Gorlizetik Bilborako trasladoan, poliziek Sopelako hondartzara eramatearekin mehatxatu zutela salatu zuen, "bertan inor ez zegoelako eta berarekin nahi zutena egingo zutelako". Tortura salaketa horiek Alacanteko epaitegiaren aurrean berretsi zituen gazteak, 2010eko uztailaren 13an. Gainera, bera mehatxatu zuten agenteak identifikatu ahal izango zituela ziurtatu zuen gorliztarrak.

543 egun preso eta herritik ehunaka kilometrora eman ostean, eta senideek 30.000 euroko bermea ordainduta, 2011ko maiatzaren 28an kaleratu zuten Xabier de la Maza. Egun horretan egin zioten lehenengo harrera. Ekainaren 4an, berriz, ongi etorri ekitaldia egin zioten Gorlizko eta eskualdeko 200 auzotarrek baino gehiagok.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun