“2014ko
Leioako Umore Azokaren establezimendu lagun” kanpaina zabaldu berri du
Leioako Udalak, Kultura eta Gazteria Sailaren eskutik. Eta horren nondik norakoak azaltzeko batzar informatiboa antolatu dute hurrengo astelehenerako, apirilak 28, 18:00etan, Kultur Leioako prentsa gelan (4. solairuan). Tokiko agintariek azaldu dutenez, ekimena Leioako ostalaritza establezimendu guztiei zuzendua dago, maiatzaren 15tik 18ra burutuko den Umore Azokan establezimendu lagun bezala parte hartzeko aukera eskainiz, ostalaritza-eskaintza ezagutaraziz. Izan ere, Umore Azokaren asteburuan urtero 30.000 lagun baino gehiago batzen dira Leioako kaleetan. Orain hilabete eta erdi jakinarazi zuen Leioako EH Bilduk,
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) 2013ko Umore Azokari buruzko informazioa eskatu diola Udalari. Iazko Umore Azokan parte hartu zuten teknikari eta artisten edari, bazkari eta afarietan Leioako EAJk egindako "kudeaketa" zalantzan jarri zuen joan den ekainean koalizio soberanistak. Ezkertiarrek azaldu zutenez, "Leioako 9 taberna eta jatetxeren artean banatu behar ziren 13.681 eurotatik, Batzokiak 10.680 jaso" zituen. Argazkian, Umore Azokako ikuskizunetariko bat / © Umore Azoka.