Hogeita hamar bat zalek, Alex Mosterín nazioarte mailako muralgile eta skate zalea ere denaren gainbegiratupean, Mesedeetako Ama kaleko parkea pintatu dute auzoaren erdi-erdian sortzen den oasi baten antzera, diseinu deigarri eta oso koloretsu batez (horiak, orlegiak, marroiak...). “Bozketa bidez erabaki genuen bozetoa gauzatzea. Proposamena, skate parkearen barruan oasi bat sortzea zen, Areetak, oro har, iradokitzen duenetik abiatuta: Bizkaia Zubi Esekia, Txurrukaren estatua, hareatzak, palmondoak ... “, burutazioaren sustatzaileetako batek, "Kako" goitizenez ezaguna denak, azaldu duenez. “Guk geuk egiten dugu dohainik skate parkearen mantentze-lanak eta berriztatu beharra zuela ikusi genuen, pintura esku on bat emanda, erabileragatik eta pintadengatik apur bat hondatuta zegoelako”, esan du.
Skate zaleen irudiko, lan profesionala izan da. Lehenengoz, parkea konpondu zuten eta ondoren pintura berezi batekin margotu zuten, irudi berri batez jantzi eta, bide batez, itsustu egiten zuten pintada eta marrazki guztiak estaltzeko. Areetako Skate zaleen Elkarteak zerbait berezia egin nahi izan du, pista eraiki zuteneko 25 urte betetzen diren honetan. Ospakizun horrek, gainera, jarraipena izango du datorren maiatzean antolatu asmo duten jaiarekin.