Getxoko
Txorimalo gaztetxearen zortzigarren urteurrenaren ospakizunekin jarraituz, ostegun honetarako (apirilak 24), bertso-afaria antolatu dute bertoko neska-mutilek. Horrenbestez, entsalada mistoa, txanpiñoiez lagundutako oilaskoa eta limoi sorbetea dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, Hodei Barroso eta Imanol Uriaren bertsoekin gozatu aurretik. Txartelak Abian kultur elkartean eta Eztabaida Gune Antiautoritarioan salgai egongo dira, 6 eurotan, bihar bazkalordura arte. Bertso-afaria baino lehen, 17:30ean, agrolinpiadak egingo dituzte Txorimalon. Ostiralari dagokionez, "Desentxufatuak" antzezlana izango da eta Haizea bakarlaria igoko da gaztetxeko agertokira. Azkenik, larunbateko egun handira helduta, Joxe Replay, Ertz, Zartako K eta MJ Txokitron taldeek joko dute bertan; aurretik tortilla txapelketa eta herri bazkaria izango direla. Larunbateko egun osorako txartelak Abian tabernan zein Eztabaida gune antiautoritarioan egongo dira salgai, 8 eurotan, ostiral goizera arte. Argazkian, gaur jolasak izan dituzte txikienek Algortako Txiki-Otaegi plazako frontoian / © Txorimalo gaztetxea.