Hamazazpi urtez euskal preso eta iheslari politikoekiko elkartasunari ateak parez pare zabalik izan ostean, gaur, apirilak 25, egingo dute Amnistia tabernaren agur jaia Algortan. Sarrikobaso kaleko ostatua itxi eta Villamonte inguruko Bolue kaleko Marel taberna zenera aldatuko dute. Hala ere, izenik ez diote jarri oraindik maiatzaren 2an zabalduko duten egoitza berriari. Gaur, Amnistian, 20:30etik aurrera egingo duten ospakizunean aukeratuko dute zozketa bidez taberna berriaren izena, azken egunotan herritarrek proposatutakoen artean. Horretaz gain, argazki erakusketa eta luncha izango dira. Baina, aurretik, hileko azken ostiral guztietan bezala, euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko kontzentrazioan izango dira Euskal Herri osoan. Algortan, 20:00etan jarri dute hitzordua Telletxe plazan. Bertatik Amnistia tabernara kalejira egingo dute, trikitilariek lagunduta, behin elkarretaratzea amaituta. Argazkian, garai batez Albesto Ceballos artista eta pintorearen horma-irudiak dekoratu zuen taberna kanpoaldea / cc-by Etengabe.