Getxoko ertzain-etxeko agenteek lau gazte atxilotu dituzte azken asteetan, 15, 16 eta 17 urteko hiru neska eta 21 urteko gizonezko bat, martxoaren 8an Getxoko Arrigunaga hondartzan izandako telefono mugikor hainbat lapurretarekin zerikusia dutelakoan. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, aipatu egunean, 23:30 aldera, Arrigunaga gertatutako liskar baten berri eman zioten Ertzaintzari. Gazte ugari zeuden han inauteriak zirela-eta, polizia iturriek aipatu dutenez. Patruila bat bertaratu zen, eta bertan, neska adingabe batek jakinarazi zien lehentxeago beste batek jo zuela eta telefono mugikorra lapurtu ziola. Ondoren jakin zuten beste nerabe batzuk ere izan zirela antzeko gertaeren biktima. Halaber, hainbat identifikazio egin zituzten bertan, eta zegokion ikerketa abiarazi zuten. Bost biktimak salaketa bana aurkeztu zuten Ertzaintzan; indarkeria edo osotasunaren aurkako mehatxuak erabiliz beste horrenbeste telefono mugikor lapurtu omen zizkieten horiei.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!