Leioako Ernai gazte erakundeak antolatuta, bihar, larunbata, bertako gazteek
Zapart Egunaz gozatuko dute, bertako kaleak girotu, astindu eta ekimenez lehertzeko asmoz. Antolatzaileek zabaldu dutenez eguneko erronka "Leioako herriari eta bereziki gazteriari aisi eta bizi eredu alternatibak eskaintzea" izango da, "gazteok egun bizi dugun prekarietate egoera salatzearekin batera". Horrekin batera, Leioako Gazte Egunak hamar urteetan erakutsi dituen baloreak propio egin dituzte, hala nola "jai giro alai, herrikoi eta parekidea". Gauzak horrela, egitaraua goizeko 11:30ean abiatuko da, "Kapitalismo hiltzailearen aurrean... gazteok burujabe!" lelopean. Ordu horretan, Gazte Iratzargailua jarri dute. Ondoren etorriko da poteo musikatu rallya, herri bazkaria Sakoneta kiroldegian eta bazkal osteko graffitiak eta rap emanaldia, besteak beste Korn artista leioaztarra eta Plentziako Zeber abeslariarekin. Arratsalde eta gaueko giroa, ordea, Plaza Gorriak hartuko du 18:30etik aurrera. Bertan, aerobic ikastaroa, flash mob eta kontzertua izango dira. Striknina eta Dj Solidarity leioaztarrekin batera, Portugaleteko Makabi eta Laudioko Atxurre igoko dira taula gainera. Argazkian, gazte leioaztarrak aerobica praktikatzen artxiboko irudian.