Getxo Rugby klubeko bi talde nagusiek Ohorezko Mailetako play-off-etan sartzeko garaipen bana eskuratu beharko dute asteburu honetan. Emakumezko taldeak lasaitasun gehiagoz jokatu ahal izango du bihar eguerdian Gironan, alde batetik GEiEG eta Sanse arerioei ateratzen dien hiru puntuko abantailagatik eta beste aldetik bertako partidaz gain beste aukera bat izango baitu. Dena den, serio hartu beharko dute GEiEG-en aurkako norgehiagoka, bosgarren jardunaldian atzeratu zena, ez badute Coruñara hil ala biziko egoeran bidaiatu nahi. Biharko garaipenak play-offetan parte hartzea ziurtatuko lieke horibeltzei, besteen emaitzei so egon gabe. Gizonezkoei dagokionez, gaur 17:00etan izango dute zirt edo zart egiteko aukera, Madrilen, Cisneros taldea aurrez aurre izango dutela. Azken jardunaldiko partida horretan Getxok seigarren postua mantendu beharko luke, baina horretarako hirugarren sailkatua gainditzea ez litzateke nahikoa. Bonus puntu bat eskuratu ezean, Bryce Bevinen jokalariek zortzi egunez mantendu beharko lukete arnasa, puntu batera duten AMPO Ordiziak Santanderreko Bathco Rugbyren aurkako partidaren emaitza ezagutu arte. Argazkian, emakumezkoen taldea pasa den iraileko aurkezpenean / © Getxo rugby taldea.