Liebman (New York, 1946) hainbat saiotan ibilitako eskarmentu handiko musikaria da eta jazzaren artista handiekin jardun da. 60ko hamarkadaren hasieran musikari erakunde bateko buru izan zen eta horiekin garai horretan New Yorkeko loft eszenan oso ezagun bilakatu zen Free Life Communication kooperatiba sortu zuen. Jazz fusioaren aitzindari izan zen Ten Wheel Life taldearekin jardun ondoren Elvin Jonesen (John Coltraneren bateria-jotzailea) bandari gehitu zitzaion eta, jarraian, Miles Davisen taldean jarduten hasi zen. Aldi berean bere musika propioa egiten hasi zen, hasiera batean Bob Mosesekin elkarlanean eta, ondoren, Richie Beirach piano-jotzailearekin.
1977an bira bat egin zuen Chick Corearekin eta horren ostean zenbait proiektu hasi zituen: Dave Liebman Quintet (John Scofieldekin), Quest taldea eta bere lehenengo laukotea Vic Juri Marko Macinko eta Tony Martino baxu-jotzailearekin. Horiekin ibilbide eklektikoa hasi zuen, eta lan anitzak grabatu ditu, standardsetan hasi eta Pucciniren arietaraino, konposizio propioak eta John Coltraneren eta Miles Davisen errepertorioaren moldaketak ahaztu gabe, beti ere iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko oreka bilatuta. Azken hamarkadetan Europako artista handiekin aritu da Liebman, esaterako Joachim Kuhnekin, Daniel Humairekin, Paolo Fresurekin eta Jon Cristensekin. Kontinente zaharrean ospe handia izan du eta big band eta irrati orkestra ospetsuekin ere aritu da. Egun arte, 300 disko grabatu ditu, horietako 100 bat taldeko buru edo burukide gisa.
Ellery Skelin
Kansasen jaiota, Baltimoren hezi zen 80ko hamarkadan sortutako musikari berritzaileen adierazgarri nagusienetariko bat den Ellery Skelin. Jarduera New Yorken hasi zuen George Coleman eta Dave Liebmanekin eta bertan hiriko inprobisatzaile onenekin jardun zen. Hamar disko grabatu ditu taldeko lider zela eta Eugene Chadbourne gitarra-jotzailearekin, Mark Helias baxu-jotzailearekin eta Joey Baron eta Gerry Hemingway bateria-jotzaileekin aritu da elkarlanean. 1994. urtean oraingo taldea sortu zuen Andrea Parkins eta Jim Blackekin eta 50 pieza konposatu ditu egun arte. Dave Liebmanekin hiru disko grabatu ditu: "Different but the Same" (2005), "Renewal" (2008) eta "Non Sequiturs" (2012).