Baina, "gorago" ere heldu da Ahoztar Zelaieta kazetariaren ikerketa: Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente izandako Juan Maria Atutxa Mendiolaren familiaraino heldu da. Ustezko "klientelismo sare" horren barruan egongo litzateke María Ángeles Atutxa Mendiola Sabino Arana Fundazioaren egungo presidentearen arreba. "Construcciones Ekin SL enpresarekin lotuta" dago eta aipatu sozietateari, besteak beste, Lemoizen esleitu zizkieten lanak.
"Jóvenes Burukides Bizkainos. Clientelismo y `fontanería' en el PNV" izenburuko liburuan Asier Arzalluz EAJren buruzagi historikoaren semea ere aipatzen du Zelaietak, De Miguel edo Miñao auziaren harira. Leioako EAJko zinegotzi izandako Iñaki San Juan Bilbao da Ortzi Muga (2006ko apirilean eratua) eta Errexal (2005eko urrian sortua) enpresen "administratzaile bakarra". Sumarioan jasotzen denez, ustez erakunde publikoetatik arrazoitu gabeko zenbait kontratu eta diru jaso zituzten hiru enpresen artean daude horiek.