Plangintza horrekin zerikusi ukaezina dauka geltoki mamuak, 45 milioi euro balio izan duena, gaur egun itxita dagoena. Bihar zabalduz gero nabarmena izango litzateke gastu hori, bakarrik dozena bat bidaiari izateko. Horregatik orain disuasio parkingaren asmoa, geltokia justifikatzeko modu bakarra, Bilbora edo Getxora etortzeko bertan autoa utz dezagun. Egia izan, disuasio hitza ez da egokia: gure ustez horrelakoek asmoa kendu baino autoaren erabilera bultzatzen dute. Berangon jadanik badago metro ondoko parkinga, Leioan baita ere. Alegazioen erantzunetan aipatzen da azkenengo hau beteta dagoela, baina daturik gabe. Eskariaren azterketa, eta abar ere badaude, baina proiektuan ez dizkigute emaitzarik erakutsi. Dena sinistu behar dugu. Beraz, gardentasun eza iruditzen zaigu.
Ondoren, parking horren azpijokoak aipatuko ditugu. Irregulartasun hauek bai Andra Mariko auzokideek, bai Getxoko BILDU-k, bai norbanakoek azaltzen dituzte parkingari egindako alegazioetan. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzako (EJ) Ingurumen Sailak uko egin die horiei guztiei, eta proiektuaren desjabetzeak (3 auzokideei) eta enpresei esleipenak aurrera doaz.
Azkenaldian sarri entzun dugu parking eta Getxoko HAPOren arteko harremanaz. Alde batetik, Getxoko Udala ez da arduratzen, azpiegitura horrek izaera “supramunicipal” daukala esanez. Eta hori zeren arabera? Ea parkinga trenbide-sarearen azpiegitura den ala ez. EJ-k, alegazioen erantzunetan, “elemento auxiliar” eta “necesario para su funcionaldidad” (geltokiaren funtzionalitaterako) aipatzen ditu parkinari buruz. Legea eskuan hartuta, lehenengo terminoa ez da existitzen; bigarrena gezurra da. Adibidez, transformadore elektrikoak beharrezkoak dira geltokiaren funtzionalitaterako, baina parking bat ez! Beraz, parkinga ez da trenbide azpiegitura bat. Gainera, garapen urbanistikoaren ardatz nagusietako bat da, goian aipatzen denez. Bi arrazoi horiengandik parkinga ezin da HAPO berriarengandik banatu, eta udal plenoan baieztatu behar da.
Lehengo testuan aipatzen genuenez Tosuko landaren jabea Viviendas de Vizcaya (VV.VV) enpresa eraikitzailea da. Badirudi dohainik eskainiko diola EJri parkinga egiteko. Altruismoa izango da? Ez, beraiek ondo dakite Getxoko Udalak azalera berako beste lursail bat eskainiko diotela auzoko beste sektore batean. Eta horrela sektorearen gehiengoa lortzen badute, hobeto: auzokideak espaloiak, farolak e.a. ipintzerakoan ordaintzera derrigortzeko, fase hori hasten denean.
Beraz, VV.VV-ak EJ-ri oparitu eta gero Udalak VV.VV-ri. Bi instituzio horiek EAJ-renak izanda, argi dago elkarlanean daudela sekore horretan etekin politak ateratzeko, eta hori nabarmena da enpresekiko harremanetan baita eskumen kontuetan ere.
Beste kontu-gakoa da parkinga nondik atera den. EJren gidalerroetan aipatzen da geltokia “automobil eta bizikleta aparkaleku aukerarekin” eta “Berango eta Getxoko iparraldeko garapen (urbanistiko)-ei lotuta” (2006-ko LZP, 96 orr.) Hortaz, aipatzen den aukera hori zein da? Geltoki ondoan dozena bat plazako parkinga dago, hori izango da aipatzen dena? Ez dakigu, ez denez inon agertzen... EAE-aren Trenbide-sarearen LAPan ere aipuak baino ez dira agertzen. Orduan “zer-zelan-non?” eta horrelakoak nondik atera dira? Komeni denean asmatu ote dira?
Aipatzekoa ere bada EJk uko egin diola Ingurumen Kaltearen Txostena (IKT) egiteari. Antza, parkinga bezalako azpiegitura batek ez du horrelakorik behar (alegazio baten erantzuna). Legea gora eta behera berriro. Hala ere, Tosuko landan lur azpiko akuifero izugarria dago, eta argi dago lur azpiko bi solairu daukan parkingak eragingo diola (drainatzea, kanalizazioak...). Hori ikusteko ez gara teknikoak izan behar.
Gainera, IKT ez bada egin behar, EJko Ingurumen Sailak Ingurumen Adierazpen batean jakinarazi behar du, eta hori publikatu behar da. Prozedura hori ez da bete, eta hori berez nahikoa da behin-behinean proiektua gelditzeko, eta erantzukizunak eskatzeko.
Ondorioak zuzenak bezain gogorrak dira. Disuasio parkingak ez duela ezertarako balio (geltokia justifikatzeko ez bada); prozedura legala irregulartasun eta iruzurraz beteta dagoela; ingurumen irizpideak, bai proiektu zehatz honetan bai Getxoko HAPO berrian, ez direla batere kontutan hartzen; herritarren alegazio guztiek berdin dutela, eta proiektua aurrera doala, instituzioen konplizitatearekin, (enpresekin bat), delirio urbanistiko espekulatzailearekin jarraituz, gutxi batzuen etekinen truke guztion herria suntsituz.
HAPO berrian espekulazio gehiagorik ez! Ibarbengoako parkinga gelditu! Tosu betirako!
German Fernandez Torio Tosuko baratzeko erabiltzailea