Etzi, maiatzak 1, Langileen Nazioarteko Eguna, Derion jarri du manifestazioa egiteko hitzordua Txorierri, Mungialdea eta Uribe Kosta hartzen dituen Eskumaldeko
LAB sindikatuak. "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan!" pankartaren atzean abiatuko dira eguerdiko 12etan, Magefesa lantokiko aparkalekutik. Aurretik, bi kotxe-karabana abiatuko dira Deriorantz: bata, goizeko 10:00etan, Berangoko Eroskiko aparkalekutik, Uribe Kostako jendearentzat; eta bestea, 10:30ean, Mungiako Ferialetik, Mungialdea eta Txorierriko jendearentzat. Besteak beste, Algortako Ernaik bat egin du mobilizazioarekin; baita gazte antolakundeak larunbat honetarako Bilbon deitu duen nazio "manifestakziorako" gonbitea luzatu ere. "Gazteok prekarietatera, eredu heteropatriarkalera eta hezkuntza eredu merkantilizatu, elitista eta inposatura kondenatzen gaituen sistema larrutu eta bestelako eredu baten eraikuntzan sakontzeko batuko gara", adierazi zuten Ernairen ordezkariek orain egun batzuk, horren aurkezpenean. Orain 30 urte Euskaldunako langileen borroka "eredugarria" izan dela azpimarratzeko asmoz, 17:30ean abiatuko dira Deustuko Zubitik. Argazkian, 2012ko Maiatzaren Lehenean, 540 bat lagunek egin zuten bat LAB sindikatuak Astrabudua eta Altzaga arteko martxarekin, "Lotu borrokari" lelopekoa.