Getxo Artea Rugbyren gizonezkoen taldeak norgehiagoka erabakigarria zeukan larunbat arratsaldean Madrilen Complutense Cisneros klubaren kontra, titulurako fasean sartzeko. Baina, azkenean, hori-beltzek ezin izan ziren partidara aurkeztu, autobusak matxura izan zuelako. Motorraren uhala apurtu zen eta ibilgailuak ezin izan zuen aurrera jarraitu, kirol talde getxoztarreko iturriek zehaztutakoaren arabera. Gaineratu dutenez, Getxo Rugby Taldearen arduradunak harremanetan jarri ziren federazioko ordezkariarekin eta berak esan omen zien neurketa hasteko epea 19:00 arte luzatuko zela. "Ez zegoen denbora nahikorik berotzeko ariketak egiteko eta hesgailuak ipintzeko jokalariei", diote hori-beltzek. Gauzak horrela, Madrilgo taldeari eman diote garaipela. Hala ere, getxoztarrek helegitea egingo dute Lehiaketa Batzordearen aurrean, ez aurkeztea saihestu ezinezko arrazoiengatik izan zela azalduz, eta espero dute partida jokatzeko data berri bat ipiniko duela aipatutako batzordeak biharko bileran. Argazkian, autobusa matxuratuta Madrilerako bidean / © Getxoko Udala.