Sopelako Udalbatzak
Euskal Herriko kirol selekzioen aldeko proposizioa onartu zuen atzo, apirilak 29. Bilduk aurkeztutako idatziak euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzeko aukera izan dezala aldarrikatzen du, tokiko iturriek adierazi dutenez. Koalizio ezkertiarreko sei zinegotzien aldeko botoez gain (Bilduko zinegotzi bat ezin izan zuen udal bilkurara joan), EAJko zazpi zinegotziek ere alde bozkatu zuten. PSE-EEko zinegotzi biek eta PPko zinegotzi bakarrak kontra bozkatu zuten. Beraz, aldeko 13 boto eta kontrako hiru egon ziren. Bitartean, EAJk aurkeztutako mozioaren bidez, euskal selekzioen nazioarteko ofizialtasunaren aldeko aldarriari babesa adierazi zion Getxoko Udal Korporazioak, atzoko osoko bilkuran. Horrez gainera, eta Bilduk eskatuta, “Euskal Selekzioari betoa kendu eta nazioarteko txapelketetan parte hartzen uzteko" estutzen zaio Espainiako Futbol Federazioari. Argazkian, Euskal Selekzioaren futbolariak ofizialtasuna aldarrikatzen 2010eko partidan / cc-by-sa Azkue Fundazioa.