Gatibu eta Smile taldeak arituko dira gaur Ereagan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mai. 3a, 02:30

Getxoko Kultur Etxeak antolatuta, Gatibu talde euskaldunaren eta Smile boskote getxoztarraren kontzertua hartuko du Algortako Ereaga hondartzako aparkalekuak, gaur iluntzeko 9etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da eta azken urteotan bezala txosnak izango dira eremuan, udalerriko sei jai batzordek kudeatuta, aterako den dirua festetan inbertituko dutela. Smilek urrian kaleratu zuen "Out of Season" bere hirugarren disko luzearen hamabi kantak erakutsiko ditu, ohiko gaiekin batera, etxean jotzeak ematen duen patxadaz. Gatibuk bere aldetik, 15 urteko ibilbidean metatutako bost diskoen errepasoa egingo du. Ez da lehenengo aldia gernikarrak Getxo udalerrian aritzen direnik. Besteak beste, 2011n Portu Zaharrean aritu ziren gaur bezalako hitzorduan eta 2009an Itzubaltzeta / Romon jo zuten, Euskara Zerbitzuak antolatutako Kantuketan jaialdian. Argazkian, Smileren taldekideak / © Smile.

Smile

John Franks abeslari ingelesa buru zuela abiatu zen Smile taldea hirukote akustiko gisa eta pixkanaka-pixkanaka oinarri erritmikoa sartu zuten, 2005 urtean talde egonkorra eratu arte. 2007an "Painting the sun one colour" lehenbiziko lana kaleratu zutenetik, Getxo Sound-en aritutako taldeak ibilbide sendoa egin du. Taldearen abestietan, 70eko hamarkadako amerikar eragineko kanten eragina argia da, hala nola, hasierako Tom Petty indartsuaren oroitzapenak, The Jayhawks taldearen soft rock melodia argitsuak, Ray Lamontagneren sentiberatasuna edo Jack Johnsonen hondartzako lasaitasuna aurki daitezke.

2011n Josu Aguinaga gehitu zitzaion taldeari eta bigarren lana grabatu zuten, "All roads Lead to the Shore", hain zuzen ere. Aurrerapauso nabarmena dago diskoan kalitatearen aldetik, eta musikari ospetsuek parte hartu zuten horretan, esaterako Jonny Kaplanek (The Lazy Stars) eta Neal Casalek. Lan horrekin bira luzea egin zuten estatu mailan eta jaialdi garrantzitsuenetan jo zuten.

2012an "Seasides" izeneko EP bat kaleratu zuten, bost kanta berrirekin. Lan horren helburua Lovin´Spoonful, The Beach Boys, The Kinks eta The Velvet Underground banda handien izaerari eustea zen. Gauzak horrela, disko hura "Out of Season" azken lana baino askoz ere udatiarragoa zen, nahiz eta lan biak batera sortu zituzten eta aurreko abestietako rock klasikoaren eta neofolkaren artean kokatzen diren, Atlantikoaz bestaldeko banda garaikideen modura. Dena den, "Out of Season" lan intimista da, folk oinorde nabaria du eta horretan rocka alde batera utzi dute musika sakonagoa egiteko.

Gatibu

Gatibu euskal eszenako rock talde garrantzitsuenetariko bat da egun, aurretik 15 urteko ibilbidea, bost disko grabatu eta makina saio eman ondoren. 2000n abiatu ziren Alex Sardui Exkixuko abeslariaren eta Haimar Arejitaren eskutik. Jarraian Gaizka Salazar eta Mikel Caballero batu zitzaizkien.

"Zoramena" debuteko diskoa 2002an kaleratu zuten eta ospe izugarria lortu zuten, laukote bizkaitarra uneko punta-puntako banda bilakatu zela. 2005. urtean "Disko Infernu" grabatu zuten, disko landua eta ñabardura ugarikoa, eta horri esker musika eszenan finkatu ziren. Handik hiru urtera "Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik" rock hutseko eta abesti itsaskorrez betetako diskoa egin zuten. "Zuzenean bizitzeko gogoa" (2010) zuzeneko lana eta "Zazi kantoietan" (2012) dituzte egun arte azken lanak.

Smileren "Seasides" EP diskoaren "Happy too" kantaren bideoklipa (© Smile eta Kepa Acero)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun