Bilbaok Eusko Jaurlaritzaren lehen lehendakariaren bertuteak gogoratu ostean, Urkullu lehendakaria "Agirreren ondorengo zuzena" dela esan zuen. Hautagai bermeotarrak azpimarratu zuen Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariak europar eraikuntzan Schuman edo De Gasperi-rekin batera "europar talde berriak" izenekoaren barruan izan zuen egiteko garrantzitsua: "Agirre aitzindari bat izan zen, benetako europar federalista, batasun federalaren eta europar subiranotasunaren aldeko apustua egin zuena nazio-estatuen diskurtso zaharkituaren aurrean eta Europan bizi diren nortasun nazionalak hiritarren atxikimendu askearen bidez nazioz gaindiko egitura horretan egokitzeko beharraren aurrean".
Bilbaoren ustean, eraikuntza horrek akordioak behar ditu, "konbentzitu beharra dago, eta europar aniztasun guztia batu beharra dago Batasuna hau ondo eraikitzeko”. Zentzu horretan, faltan bota zuen Jose Antonio Agirre Lekuberen jardunaren ezaugarri izan zen dotorezia politikoa. "Berezko gaitasun eta abilezia zuen elkarrizketa eta akordiorako. Irain eta deskalifikazioaren etsaia izan zen, inguruabarrik txarrenetan ere. Egiteko modu horrek gidalerro izan behar du ardura politikoak ditugun guztiontzat. Polemika antzuak, aurkari politikoaren kontrako hitz zatarrak aspergarriak dira, ideia eta egitasmorik eza ezkutatzen dute, eta ez dituzte jendearen arazoak konpontzen. Horregatik uste dut Iñigo Urkullu dela gure lehen Lehendakariaren ondorengorik onena, berak ere gauzak egiteko modu hori berori praktikatzen baitu", esan zuen hautagai jeltzaleak.
Politikari bermeotarrak Agirre lehendakariaren pentsamoldearen eta jardunaren dimentsio soziala azpimarratu zuen: "enpresari eredugarria izan zen Chocolates Bilbainos lantegian garatu zuen lan sozialarekin, eta politikari eredugarria izan zen lehen Eusko Jaurlaritzako Lehendakari gisa. Ibilbide horrek bere aztarna utzi du abertzaletasun demokratikoaren baloreetan eta gure kudeaketa publikoan. Euskadin martxan jarri diren osasun, hezkuntza eta ongizate politikak ikustea besterik ez dago, gure lehen Lehendakariaren pentsamendu sozialaren garrantzia eta emaitzak ulertzeko".