Datorren asteari dagokionez, astelehenean, maiatzak 12, "¿Esperamos o nos movemos?" izenburuko hitzaldia eskainiko du Sopelan Koldo Saratxaga enpresa-gizonak. Hitzordua 19:00etam izango da, Kurtzio kultur etxean.
Ostegunean, maiatzak 15, orain arte egindako lanaren aurkezpena egingo du Gure Esku Dagok Getxoko Andra Mari elizako apaiz etxean, 19:00etan.
Amaitzeko, ostiralean (hilak 16), hitzaldia izango da Itzubaltzeta / Romoko kultur etxean, 19:00etan. Paco Letamendia "Ortzi" eta Iñigo Urrutia EHUko irakasleek, eta Zelai Nikolas abokatuak; azken bi horiek uribekostarrak.
Ekainaren 8a gertu
Ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen jende katea osatu dadin atsedenik hartu gabe lanean ari dira Gure Esku Dago plataformak Uribe Kostan dituen taldeak. Hitzordurako hilabete bat eta egun batzuk falta direla, erabakitze eskubideak sentsibilitate ezberdinetako militanteak batu ditu jada Erandion, Leioan, Itzubaltzeta / Romo eta Areetan, Algorta eta Getxon, Berangon, Sopelan eta Gorlizen. Uribe Kostari dagozkion Elorrio (Leioa), Arrasate (Erandio) eta Antzuolako (eskualdeko beste udalerriak) kilometroak jendez hornitzeko, han-hemenka izan dira, helburuak azaltzen, metroak banatzen eta autobusak antolatzen.