Kazetari getxoztar bati mehatxu egin diotela dio UPyDk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mai. 5a, 19:56

Getxoko UPyD alderdiak salatu du udalerri horretako kazetari bat mehatxuen biktima izan dela. Pasa den larunbatean bidalitako ohar batean, alderdi konstituzionalak dio Getxoko tokiko komunikabide baten profesional horrek "bortxa izugarria" jasan duela, "bere etxebizitzako fatxadan agur falangista egiten zuen txingote militar baten modukoa simulatzen zuen kartel erraldoia itsatsita ikusi behar izan duela". Halere, alderdi konstituzionalistak ez du kazetariaren identitatea zabaldu, ezta lan egiten duen komunikabidea argitu ere. Era berean, UPyDk ez du balizko gertaera egiaztatu ahal izateko argazkirik edo beste elementurik bidali, zabaldutako testutik aparte. UPyDren bertsioaren arabera, kazetari anonimoak gertaera bere lan jarduerarekin harremana duela dio. Rosa Diezen alderdiak zabaldutakoaren arabera, bere lan ildoa "kritikoa da erradikal taldeekin", horiek ez ei dutelako "onartzen kazetari batek zentsuragarriak irizten dituen gertaerez egiazki informatzeko duen betebeharra ezta Getxoko hiritarrek udalerrian gertatzen den gauza oroz ondo informatuta izateko duten eskubidea ere". UPyDk Getxoko "beste alderdi politiko demokratikoei" eskatu die "onartezinezko larderia" hori publikoki arbuiatzea. Era berean, azpimarratu du alderdi batzuek behin eta berriro "eraso nazkagarriak" jaso dituztela haien egoitzetan. Argazkian, Rosa Diez UPyDko burua / cc-by-sa Chesi.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun