
"Hauteskundeak: bai?, ez?, ala beste biderik?" da Sopelako
Plaza Beltza kulturguneak aldaketa sozialean aritzen direnei azken egunotan plazaratu dien galdera potoloa. Izan ere, maiatzaren 25ean burutuko diren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeen harira kolektibo horri sortu zaio "betiko zalantza" hori: "Zelan bultzatu aldaketa? Instituzioak erabiliz, instituzioetatik kanpo, biak konbinatuz...". Haiek beraiek erantzun beharrean, ezkerreko alderdi eta sindikatutan dabiltzan iritzi ezberdinetako hainbat militante bildu dute jendaurrean gaia eztabaidatzeko mahai-inguru batez. Hitzordua bihar, asteazkena, jarri dute, Sopelako Kurtzio kultur etxean, arratsaldeko 7:30ean. Bertan, honakoak izango dira hizlariak: Endika Alabort (CNT), Ruben Belandia (Podemos / Ahal Dugu), Sergio Saenz (PCPE / Euskal Komunistak) eta Iker Casanova (EH Bildu). Argazkian, goian, eskuman, Iker Casanova EH Bilduren hitzaldi batean / cc-by-sa EH Bildu.