Aitor Bilbao algortarrak edo, ezagunagoa den bezala,
Tor magoak magia ikuskizun batez aurkeztuko du bihar sakelako telefonoetarako zein tabletetarako ieaj-pnv aplikazioa edo "liburuxka magikoa",
EAJk zabaldu duenez. Izan ere, alderdi jeltzalearen arabera, "Errealitate Handituaren teknologiari esker", gailu horrek "informazio unibertso berrirako sarbidea eskainiko" du, eta "ikus-entzunezko esperientzia harrigarriak egongo dira eskuragarri ieaj-pnv aplikazioa eskuko telefonoan edo tabletean jaistera animatzen eta ausartzen direnentzat". Gauzak horrela, Tor magoak, Izaskun Bilbao hautagaiak eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteak bihar arratsaldeko 6etan Bilboko Sabin Etxearen kanpoaldean egingo duten aurkezpenetik aurrera EAJren Europako Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina jarraitu ahal izango da aipatu aplikazioa erabiliz. Argazkian, ezkerrean, Tor magoa.