Andra bat atxilotu dute Getxon udaltzainei eraso egitea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2014ko mai. 6a, 20:24

Getxoko Udaltzaingoak andra bat atxilotu du bart, astelehen gauean, agintaritza-agenteen kontrako erasoa eta bide segurtasunaren kontrako beste bi delitu egotzita: legez ezarritako alkoholemia-probari uko egitea eta ibilgailua edari alkoholikoen eraginpean gidatzea, alegia. Atxiloketa 23:00ak aldera egin da, udaltzainak Torrebarria eta Ormaza estraten kaleburura joan direnean. Han, bi autok talka egin dute eta pertsona bat arin zaurituta irten da, Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan dutena. Udaltzainen kontakizunaren arabera, gidarietako bat, 38 urteko andrazkoa, lagundu nahi izan dutenean, horrek polizien eta inguruan izan diren pertsona guztien "aurkako portaera eta eraso-jarrera agertu" ditu.

Portaera horren ondorioa izan da "andrazkoak eraso eta iraindu egin dituela udaltzainak, polizia kotxeari ostikoak emanda, autoan kalteak ere eginez. Halaber, emakumearen egoera ikusita, edanda egon deneko seinale argiak erakutsi baititu, eta hori istripuaren eragilea izan daitekeela eta, segurtasunaren kontrako delitua egotzi" diote. Halaber, legez ezarritako alkoholemia-proba egiteko hainbat aldiz eskatu eta gero probari uko egiteagatik ere delitua egotzi diote. Ikerketarako polizia-eginbideak egiten ari dira, Getxoko Guardiako Epaitegira bidaltzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun