Aretoa karrera profesionalaren hasieran dauden artistei zuzenduta dago, merkataritza ordezkaritza eduki zein ez. Parte hartzeko bi derrigorrezko baldintza daude: adinduna izatea eta aurretik banako erakusketetan parte hartu ez izana.
Artea erakusteaz gain, aurten Getxoartek lehen urratsetan dauden artistak gidatzeko, laguntzeko eta aholkatzeko euskarri izan nahi du. Horretarako, dosierra prestatu eta aurkezten den unetik aurrera, hautatu, proiektua produzitu eta erakusketan jarri bitarte, artistek akonpainamendu eta aholkularitza prozesuan hartuko dute parte. Harik eta emaitzak erakutsi bitarte, lan-prozesua berez ikaskuntzaren zati izan nahi du Getxoartek.
Getxoarteren zuzendaritza arduratuko da prozesuaz eta horren bitartez ekoizpenarekin, edukien edizioarekin eta erakusketarekin berarekin loturiko alderdi guztien gaineko zalantzak argitu eta gidatuko dira. Prozesuan lanerako bilerak egingo dira, fisikoak eta/edo on-line bidezkoak. Getxoarten hitzaldiak ere egongo dira, arte munduko profesionalen eskutik, azokaren hezkuntza-eskaintza borobiltzeko. Horrezaz gain, bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak ere egongo dira.
Azkenik, aurten sari bat egongo da Praktika Garaikideen Aretoan. Epaimahaiak erakutsiko diren lanen artean bat hautatuko du, kalitatea, formatua eta proiektua kontuan hartuta. Saria 2.000 eurokoa izango da, eta Getxoarteren Bilduman sartuko da lan irabazlea. Obra hori, ezarritako hitzarmenaren arabera, Arabako Artium museoan erakutsiko da.
Arauak
Getxoarte 2014an parte hartu nahi duten artista orok arauak eta izena emateko orria dituzte eskura Algortako Villamonte kaleko kultur etxean eta honako estekan. Halaber, Estatuko Arte Ederren fakultate guztietan eta zenbait arte galeria eta museotan jaso daitezke.