Barrikako nagusien etxeak hartuko du gaur 20:30etik aurrera Uribe Kostako Bertsolari Txapelketako lehenengo kanporaketa. Bertan, bertso afari formatuan, honako bertsolariak arituko dira: Aitzol de Castro Bakeriza leioztarra, Joanes Igeregi Santa Maria sopeloztarra, Josu Landeta Egurrola getxoztarra eta Arkaitz Gomez Agirre, Dani De Miguel Avecilla eta Ekaitz Larrazabal Gutierrez "Katxo" algortarrak. Bigarren kanporaketa bihar, larunbatarekin egingo dute. Ordu berean baina Algortako Ekin tabernan izango da bertso afaria. Bigarren saio horretan abestuko dute Miren eta Paule Loizaga Legarra sopeloztarrek eta Gabi Basañez Ruiz, Iñigo Kortazar Elias, Peio Arondo Barandiaran eta Peru De Pedro Larrea algortarrek. Azken horrek, Paulek bezala, estreinakoz parte hartuko du txapelketan. Azken kanporaketa Sopelako Ander Deuna ikastolan jokatuko da, maiatzaren 16an, ostiralarekin. Hirugarren saio horretan izango da Arrate Illaro algortarra, egungo txapelduna. Berarekin batera lehiatuko dira Imanol Uria Albizuri txapeldunorde algortarra eta herri bereko Itxaso Paya Ruiz, Jagoba Pereda Txopitea eta Pello Etxebarria Kerexeta "Bonbero". Azken parte hartzailea Maddalen Markaida Santamaria berangoztarra izango da, txapelketan estreinatuko dena. Argazkian, Arrate Illaro Uribe Kostako txapelduna artxiboko irudian.