Halere, Uribe Kostako campusa ez da kritikatzen duten bakarra: "Basurtun gauzak ez daude hobeto, daukaguna txapazko irakaskuntza unitatea da. Behin behineko izango zela esan zen eraikina, askoz jota lau urte iraungo lukeena, berria egin bitartean. Halere, ikusten duzue, gu baino zaharragoa da".
Protesta deialdia sare sozialetan sortu zen eta Erik Urutxurtu deitzaileetako eledunak gogoratu duenez, azken mailako ikasleen helburua "gure ostean datozen ikasleek fakultatea ospitale baten ondoan ez duten Estatuko bakarrak izan ez daitezen gure harri koxkorra ekartzea" da, haiei agindutakoa bete ez dela salatzeaz gain.
Soka luzeko aldarrikapena
Halere, biharkoa ez da izango gai honen inguruan sortu den kexa bakarra. Izan ere, 2013ko bukaeran, ikasleek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu zioten Basurtuko fakultateko proiektuarekin zer gertatzen zen argitzeko, gaur bezala hasi gabe zegoela. Garai hartan, Medikuntza, Odontologia eta Erizaintzako ikasketak hartzen dituen eraikineko sabaietatik txintxorra erortzen zela salatu zuten. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ikasle gehiago onartzeak masifikazio arazoa handitu zuela eta protestak izan ziren.
Ikasleak aitortu dutenez "suminduta" daude Errektoregoak eta Eusko Jaurlaritzak "agindutakoa ez dutelako bete". Gogoratu dutenez, bi erakunde horiek "EHUko lehentasunezko proiektua zena" atzeratu dute sei urtez, "gutxienez bi alditan". Bitartean, ikasle horiek ikusi dute zelan beste zentroen eraikinak aurrera joan diren: Leioa eta Erandioko campuseko Arte Ederrak fakultatea eta Irakasle eskola eta San Mameseko Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko eskola, alegia.
Gauzak horrela, EHUko Medikuntzako Ikasleen Batzarrak eta Euskadiko Erizaintzako Ikasleen Elkartasunak bat etorri dira biharko deialdiarekin, antolatzaileek iragarri dutenez.