Keltse Eiguren Getxoko Udaleko Ingurumen Arloko zinegotziak tentuz mintzatu da ADEAC-FEE erakundeak hartutako erabakiaren inguruan: "Gorrondatxe-Azkorri hondartzari bandera urdina ez emateko arrazoiak ezagutu bitartean, oso pozik gaude beste urte batez lortutako bi sariengatik, horien bitartez gure hondartzen eta beren zerbitzuen kalitatea aitortzen dutelako, Udala, udalerri iraunkorrago bat lortu aldera, egiten ari den lana aintzat hartzearekin batera”.
Azkorriko hondartzak 1992an lortu zuen bandera urdina lehenengo aldiz eta horrez geroztik, 20. biderrez eskuratu du, salbuespen bakarrak Prestigeren isurketek sortutakoa eta aurtengoa izan direla. Ereagako hondartzan zazpigarren urtez izango da bandera urdina eta Arrigunagan bosgarrenez.
Ingurumen eta natura errespetatuz, itsasertzaren eta hondartzen gestioan egindako ahaleginagatik ematen zaie ikur hori Estatuko hondartza eta portu jasangarriei. Duela 27 urte hasi ziren ematen sariak. Bandera Urdinak aurretik ezarritako estandar batzuk bete izana egiaztatzen du, tartean, bainatzeko uraren kalitate ona, garbitasuna, informazioa, ingurumen hezkuntza, segurtasuna, zerbitzuak eta instalakuntzak. Bandera Urdinaren azken helburuak turismoaren garapen jasangarria eta hondartzarako eta gunerako ingurumen gestioa lortzea dira.