Ertzaintzak 32 eta 24 urteko bi gizonezko atxilotu ditu bart Leioako enpresa batean lapurtzen saiatu direlakoan. Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, bart gaueko 23:40 aldera izan da balizko lapurreta saiakera, Leioan. Ordu horretan, partikular batek bi lagun ikusi ditu leiho batetik enpresa batera sartzen eta abisua eman dio Ertzaintzari. Ondorioz, uniformez jantzitako ertzainen patruila bat Lamiako auzoko Felipe del Rio kalera joan da. Ertzainak enpresako atzeko aldera joan eta gizonezko bat ikusi dute, haien aburuz "zaintza-lanak" egiten aritu dena, eta beste bat "sastraka batzuen atzean ezkutaturik, eskuetan zizaila" izan duela. Ertzainak ikusi dituztenean, ustezko lapurrek ihes egin dute, eta eskuetan zizaila izan duenak landarez estalitako leku batera bota ei du metala. Handik gertu izan den Ertzaintzaren beste patruila batek 32 eta 24 urteko bi ustezko lapurrak atxilotu ditu, eta indarbidezko delitu bat egin izana leporatu die. Ertzainek enpresaren alarmaren sentsoreak eta leiho bat behartuta daudela egiaztatu dute.