Langile bat zendu da gaur eguerdian EHUk Leioan eta Erandion duen campusean. Unibertsitateak berak ohar baten bidez zabaldu duenez, istripua Liburutegi Nagusian izan da. Goizeko 12ak aldera, behargina eraikinaren kristalezko estalkitik erori da, 25 metro inguruko altueratik, eta berehala hil da, buruko traumatismo baten ondorioz. EHUk zehaztutakoaren arabera, unibertsitatetik kanpoko enpresa batentzat lan egiten zuen hildako lagunak. Ertzaintzak jakinarazi duenez, ezbeharra sortu da oraindik identifikatu ez duten behargina teilatuko inpermeabilizazio lanak egiten aritu den bitartean. Kristal bat apurtzearen ondorioz, gizonezkoa Liburutegi Nagusiko sarrerako patiora erori eta gutxira hil da, mediku batek egiaztatu duenez. Gorpua altxatu bitartean, eraikinean ikasten ziharduten estudiante guztiak kanporatu dituzte. Gauzak horrela, mantentze langile horren heriotza deitoratu zein "erabat gaitzetsi" du
Ikasle Ekintza erakundeak. Gainera, salatu dute lan egiten ari zen bitartean "dakigunagatik beharginak ez zuela inolako neurririk bere segurtasuna ziurtatzeko". IEren ustez, "heriotz hori ekidin zitekeen, lan arriskuak prebenitzeko arloko segurtasun prozedurak erabili izanez gero". Argazkian, osasun zerbitzuek gorpua zaintzen, epailearen zain / © Ikasle Ekintza.