Smokin' Joe Kubek eta Bnois King
Smokin' Joe Kubek (1956, Grove City; Pensilvania) Texaseko doinu elektrikoaren erakusle nagusienetariko bat da. Irvingen hezita, nerabezaroan Dallaseko kluben zirkuituan hasi zen jotzen eta bertan gitarrarekin trebezia handia erakutsi zuen. Laster abiatu zen profesional gisa eta Johnny Winter, Stevie Ray Vaughan eta Albert King musikari handiekin jardun zen, besteak beste.
1989. urtean Bnois King (1943, Delhi; Louisiana) ezagutu zuen jam session batean. Gitarra jotzen jazzaren eragin handia erakusten du Kingek gitarrarekin eta soul ahotsa dauka. Ordutik hona, bikoteak beren gitarren arteko oreka bikaina ardatz duen bluesa egiten du.
25 urteko ibilbide horretan mundu osoko areto eta jaialdietan aritu dira. Getxoko zaleentzat ez dira ezezagunak, 1999an, jaialdi bizkaitarrean jo zuten-eta, arrakasta handiarekin. Egun arte 15 disko grabatu dituzte. Horietako azkenak, "Road Dogs Life"k, abesti originalak zein The Rolling Stonesen eta The Beatlesen bi cover biltzen ditu. Aurreko diskoan lan akustiko arrakastatsua gauzatu ondoren, oraingo honetan doinu elektrikoak berreskuratu dituzte eta bere sustraietara itzuli dira, road house bluesera, hain zuzen ere, erritmo rockeroagoak eta indartsuagoak lortuta.
"Chicago Blues: A Living History" proiektua
Proiektua 2009. urtean abiatu zen aipatutako musikariek bultzatuta, XX. mendeko lehenengo zatian Chicagon sortu zen blues estilo berria omentzeko asmoz. Taldekide guztiak hiriko eszenan trebatu ziren eta hainbat hamarkadatan bluesaren arloan protagonista izan den eta popean eta rockean eragin handia izan duen estiloaren erakusle dira.
Billy Boy Arnold Jon Lee "Sonny Boy" Williamson eskutik abiatu zen bluesean eta Bo Didleyrekin arrakasta handia lortu zuen. Jarraian bakarrean hasi zen klasiko bilakatu diren abestiak grabatzen, esaterako "I Wish You Would", eta britainiar bluesean eragin handia izan zuen. Aipatzekoa da The Yardbirds eta David Bowie bezalako talde eta artista ezagunen jazarpena.
Gainerako taldekideek lotura berezia dute elkarren artean 70eko hamarkadatik aurrera. Garai horretan John Primer Muddy Waters handiaren bandari batu zitzaion Willie Dixonekin bira egiteko. Azken horrek Billy Branch gaztea kontratatu zuen Carey Bell ordezkatzeko eta Bellen semea ere, Lurrie Bell, Branchekin jotzera joan zen. Ondoren, bluesaren ahots handia izan zen Koko Taylorren taldean jotzen hasi ziren eta bertan Carlos Johnson elkartu zitzaien.
Beren ibilbideetan, taldeko musikari guztiek elkarlanean aritzeko aukera izan dute. Hori dela eta, elkar ulertze ezin hobea izan dute Chicagoko zenbait musikarien belaunaldietako lana erakusten duen proiektu honetan. "Chicago Blues: A Living History" (2009) debuteko lanak ospe handia izan zuen eta hori aurkezteko nazioarteko bira egin zuten Buddy Guy, James Cotton eta Magic Slim artista handiekin. Grammy sarietarako izendatu zuten diskoa eta hainbat sari eskuratu zituen nazioartean. Horren ondoren, 2011n, "The Revolution Continues" lan bikoitza kaleratu zuen taldeak, aurreko lanaren arrakasta handia berriro ere lortu zuela.
Getxon, "Chicago Blues: A Living History"k honako artista hauek osatutako bandak lagunduta egongo da: Billy Flynn gitarra-jotzailea, Matthew Skoller (harmonika), Johnny Iguana (teklatuak), Felton Crews (baxua) eta Kenny "Beedy-Eyes" Smith (bateria).